“HORI, LEARN TO LIVE AFTER DAESH” PROIEKTUAK DONOSTIAKO LAU HAIZETARA DOKUMENTALEN KOPRODUKZIO-FOROAREN DATORREN EDIZIOAN PARTE HARTUKO DU

Donostiako LAU HAIZETARA Foroak FIPADOC Biarritzeko Ikus-entzunezko Programen Nazioarteko Jaialdiarekin duen lankidetza-akordioa dela-eta, “HORI, LEARN TO LIVE AFTER DAESH” dokumentala hautatu dute 2023ko irailean Lau Haizetara Foroaren hurrengo edizioan parte hartzeko, Donostiako Zinemaldiaren barruan betiere.

Éric Quintin (Frantzia) da dokumentalaren produktorea, Richard Djoudi arduratu da koprodukzioaz eta Chris Huby zuzendaritza-lanaz, eta dokumentala nabarmendu egin da FIPADOC Biarritz Jaialdiaren aurtengo edizioaren (2023ko urtarrilaren 20-28) “Pitchs Internationaux” atalean aurkeztutako 24 proiektuen artean, lanaren potentzialarengatik, unibertsaltasunarengatik eta inoiz kontatu gabeko gertakari batzuk kontatzen dituelako. Gaur egun Kurdistango Siriako alderdian bizi den eta ISISen barruan hazitako nerabe talde baten historia kontatzen digu. Bizitza normal batera itzuli nahi dute, baina beren jatorrizko herrialdeek ahaztu egin dituzte guztiak ere. Inoiz egia bihurtuko al da etorkizunerako duten itxaropena?

Foroa hasi baino lehen intentsitate handiko bi jardunalditan burutuko diren tailerretan parte hartuko du hautatutako proiektuak, eta ondoren pitching saioan ere egongo da. Erreminta egokiak emango zaizkio proiektuari pitchinga zein produktoreak/ek nazioarteko ikus-entzunezkoen industriako agenteekin (telebista-operadoreen eta online plataformen ordezkariak, salmenta-agenteak eta banaketa-etxeak, eta erakundeak) egingo dituen/dituzten One to One bilerak egin ditzan. IBAIA – ELKARGI saria ere irabazi ahalko du, 5.000 euroko balioa duen eta produktorea sarituko duen saria, hain zuzen ere.

Aliantza honen jarraitutasunak proiektuen presentzia sustatuko du genero dokumentalean espezializatutako merkatu osagarrietan, eta, horrela, beren garapen- eta finantzaketa-prozesua osatzen ere lagunduko die aldi berean.