Gehienez 8 proiektu hautatu ahal izango dira martxoaren 11n, 12an eta 13an Tabakaleran egingo diren jardunaldi horietan parte hartzeko.
Europa Creativa Desk MEDIA Euskadik, IBAIAk eta Etxepare Euskal Institutuak lankidetza-akordio bat lortu dute kalitatezko dokumentalen proiektuak garatzeko bidea errazteko eta proiektu horiei bazkideak, finantzaketa eta/edo nazioartekotzea bilatzeko prozesuan laguntzeko; akordio horri esker, 8 ekoiztetxek ere aholkularitza-jardunaldi horietan parte hartzeko aukera izango dute.
Aliantza horren bitartez, halaber, euskal enpresek nazioarteko merkatu eta foruetan duten presentzia indartu nahi da, besteak beste, ekainaren 24tik 27ra egingo den Sunny Side of The Doc azokan eta Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzioko Foroan, IBAIAk irailean antolatzen duena Donostiako Zinemaldiaren esparruan.
Martxoaren 11n, 12an eta 13an egingo dira jardunaldiak Catherine Ulmer andrearen zuzendaritzapean (dokumentalgintzan eta tailerren prestaketan esperientzia luzea duen profesionala da). Hasteko, banan banako aholkularitzako jardunaldia jarriko da abian, hautatutako proiektu bakoitzari bi ordu eskainiz; azken jardunaldian, berriz, Sunny Side of The Doc azokako formazio arduraduna den Jean Jaques Peretti eta Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzioko Foroko ordezkari bat bertaratuko dira, beren ekitaldiak aurkezteko eta haietan parte hartzeko baldintzen berri emateko.
Aholkularitza horretan parte hartu ahal izateko, interesa duen enpresa bakoitzak eskatutako informazioa bete beharko du, on-line, dagokion inprimakian, datorren otsailaren 26a baino lehen.
Edozer argitzeko edo edozein informazio osagarri jasotzeko, gurekin harremanetan jar zaitezkete honako bitarteko hauen bitartez:
Telefonoa: 943.32.71.83
Helbide elektronikoa: info@ibaia.org