19 filmez osatuta egongo da Donostia Zinemaldiaren 71. edizio honetako euskal parte-hartzea
Paco Sagarzazuk −euskal zinemagintzan eta antzerkigintzan ezinbestekoa izan den aktoreak− Zinemira Saria jasoko du bere ibilbide osoagatik
Guztira 19 lanez –15 film luzez, film ertain batez, film labur batez eta bi telesailez– osatuta egongo da Donostia Zinemaldiaren 71. edizio honetako euskal parte-hartzea, sail hauetan banatua: Sail Ofiziala, Donostia Sariaren Emanaldi Bereziak, Zabaltegi-Tabakalera, Made in Spain, Zinemira, Belodromoa eta Euskal Zinemaren, EiTB eta RTVE galak.
Zinemira, euskal zinemari berariaz eskainitako saila, Donostia Zinemaldiak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak antolatzen dute. Irizar eta EITB dira babesleak, eta Euskadiko Filmategiaren, EPE/APV eta IBAIA ekoizle-elkarteen eta Zineuskadiren laguntza du. Aurten, gainera, Urbil laguntzaile gisa sartu da. Edizio honetan, Zinemirak fikziozko eta ez-fikziozko bederatzi film ditu. Horietatik hiru, kontuan izanik Zinemaldian izango dutela mundu-estreinaldia, Euskal Zinemaren Irizar Saria irabazteko hautagai izango dira, Zinemaldiko beste sail batzuetako beste bi lanekin batera. Horrela, guztira bost ekoizpen lehiatuko dira 20.000 euroko saria eskuratzeko filmaren ekoiztetxeentzat.
Irizar Sarirako lehiatuko dira
Migratzaileek Europara iristeko egindako bidaia dramatikoa da Fermin Muguruzaren (Irun, 1963) Bidasoa 2018-2023 dokumental berriaren ardatza. Errealizadore eta musikari gipuzkoarrak Zinemaldiko hainbat sailetan erakutsi izan ditu bere lanak, hala nola Zabaltegin (Zuloak, 2012), Zinemiran (Black is beltza, 2018) eta Belodromoan (Black is beltza II: Ainhoa, 2022).
Zinemiran ohikoa da, halaber, Josu Martinez (Bilbao, 1986), beste edizio batzuetan Sagarren denbora. 25 urte deserritik itzultzen (2010) eta Paperezko hegoak (Alas de papel, 2021) filmak aurkeztu ondoren bi filmekin izango baitugu berriz sailean: batetik, Bizkarsoro alegiazko herri batean kokaturiko bost istorio errealez osatuta dago; bestetik, Mirande, film baterako zirriborroa –Zinemira sailari amaiera emango dion lana– Jon Mirande idazlearen bizitza eta lanerako hurbilketa bat da.
Arestian aipaturiko hiru filmez aparte, Euskal Zinemaren Irizar Sarirako lehian ariko dira beste sail batzuetan bildutako beste bi film. Lehenik eta behin, Isabel Hergueraren (Donostia, 1961) El sueño de la sultana animazio-filma izango dugu Sail Ofizialean; eta bestetik, Bertha Gaztelumendi (Irun, 1962) eta Rosa Zufía (Tutera, 1958) zuzendarien Arnasa betean, emakume zinegileak / A Deep Breath, Women Filmmakers (A pulmón, mujeres cineastas), irailaren 26rako programatua, Victoria Eugenia Antzokian emango da Euskal Zinemaren Galaren barnean (euskal emakumeek sortutako zineman murgilaraziko gaituzte bi zinemagileek film horretan).
Zinemira lehiaketaz kanpo
Beste sei filmek osatuko dute Zinemira saileko programazioa, nahiz eta lehiaketaz kanpo izan Donostian eman aurretik estreinatu direlako. Estibaliz Urresolaren (Laudio, 1984) 20.000 especies de abejas / 20,000 Species of Bees (20.000 erle espezie) filmak emango dio hasiera sailari; egilearen lehen film luzea Berlinalean estreinatu zen eta Sofía Oterok antzezle protagonista onenaren Zilarrezko Hartza irabazi zuen. Geroago, film onenaren Urrezko Biznaga eraman zuen Málagan, baita antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren golardoa ere Patricia López Arnaizentzat.
Halaber, lehiaketaz kanpo emango dira hauek: Irati, Paul Urkijo Alijoren (Vitoria, 1984) bigarren film luzea, Publikoaren Saria eraman zuena nola Sitgesen hala Donostiako Beldurrezko Zinemaren Astean; Las buenas compañías / In the Company of Women, Sílvia Munt aktoreak (Bartzelona, 1957) zuzendutako lehen filma, Málagako zinema-jaialdian lehiatu zena; Elías Querejeta Zine Eskolako alumni ohia den Amat Vallmajor del Pozoren (Girona, 1996) Misión a Marte / Mission to Mars (egileak WIP Europan parte hartu zuen film honen proiektuarekin), Gijóngo zinema-jaialdian aipamena lortu zuena, Berlingo Woche der Kritik atalean erakutsi ondoren; Tetuán, Iratxe Fresnedaren (Bilbao, 1974) lan berria, hainbat jaialditan emana, hala nola Gijónen, Zinebin eta Nantesen; eta Félix Viscarreten (Iruñea, 1975) Una vida no tan simple / Not Such an Easy Life, Málagan emana.