Apirilaren 6 eta 7an Etxepare Institutuaren Tabakalerako egoitzan ospatuko diren jardunaldi hauetarako, gehienez 8 proiektu aukeratuko dira.
Etxepare Euskal Institutuak eta IBAIAk sinatu duten lankidetza hitzarmenak, helburu gisa duena kalitatezko dokumental proiektuen garapena sustatzea eta hauentzako bazkide eta finantziazioa bilatzen laguntzea, 8 ekoiztetxeri aholkularitza jardunaldi honetan parte hartzeko aukera emango die.
Bi entitate hauen elkarlanak xedetzat du nazioarteko izaera duten foro eta azoketan euskal enpresen parte-hartzea sustatzea, bereziki ekainaren 19tik 23ra La Rochellen ospatuko den Sunny Side of The Doc azokan (BASQUE AUDIOVISUAL markapean Etxepare eta Eiken ikusentzunezkoen klusterrak antolatzen duten standaren baitan) eta “Lau Haizetara” dokumentalen koprodukzio foroan, irailean IBAIAk Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren baitan antolatzen duena.
Ahokularitza jardunaldiak apirilaren 6an, ostegunez, eta 7an, ostiralez, ospatuko dira, Catherine Ulmer-en zuzendaritzapean (dokumentalgintzan eta baita formakuntza ikastaroak ematen ibilbide oparoa duen profesionala), eta bi zati izango dituzte: lehen egunean, aukeratua izan den proiektu bakoitzari aholkularitza pertsonalizatua eskainiko zaio; bigarrenean, guztiok elkarrekin egingo dute lan, proiektu bakoitzaren ikuspuntutik gainontzeko lanak aberasteko helburuarekin.
Parte hartu ahal izateko, interesa duten ekoizleek formularioa bete beharko dute, on-line, eskatutako informazioarekin datorren martxoaren 27a aurretik.
Edozein zalantza edo argipen behar izanez gero, jarri gurekin harremanetan: info@ibaia.org / a-aginagaldelopez@etxepare.eus.