Euskal zinemari eskainitako saila da eta Donostia Zinemaldiak, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta Euskadiko Filmategiak antolatzen dute, Irizar eta EITBk babestuta eta EPEren eta IBAIAren lankidetzarekin. Aurten, euskadin ekoitzitako hamazazpi film hartuko ditu barne; horietatik zortzi Euskal Zinemaren Irizar saria lortzeko lehiatuko dira. Era berean, Ramón Barea aktore eta zuzendariak jasoko du aurtengo Zinemira Saria. Donostia Zinemaldiak eta EPE/APV eta IBAIA ekoizle-elkarteek ematen dute, euskal zinemagintzaren pertsona ospetsu baten lan-ibilbidea aitortzeko. Euskal Zinemaren Galan emango da Zinemira Saria irailean, Victoria Eugenia antzokian.
Lehiaketako filmen artean zazpi dokumental sartu dira, eta fikzio-film luze bakarra: Igelak, Patxo Telleriak zuzendua eta IBAIAren bazkidea den Abra Prod-ek ekoiztua. Euskal Zinema eta ETB Galan proiektatuko da, eta ihesean doan bankari ustel bat du protagonista. Bilboko aktore, gidoilari eta zuzendariak hirugarrenez estreinatuko du film bat Donostian, Aitor Mazorekin La máquina de pintar nubes (2009, gidoi onenaren saria Versión Españolan) eta Bypass (2012, Michiganen saritua) idatzi eta zuzendu ostean. Galan, halaber, Agirre Lehendakaria proiektua estreinatuko da. Francesc Escribanok zuzendutako biografia dokumental horrek José Antonio Aguirre lehendakariaren ibilbide pertsonalari eta profesionalari jarraituko dio, Daniel Grao aktoreak pertsona historiko ezagun horren interpretazioa prestatzeko egindako ikerketaren bitartez.
Historiari -urruna nahiz hurbila-, arteari eta musikari buruzko filmek inspiratu dituzte saileko dokumentalak. Chillida: esku huts donostiar eskultorearen biografia atipikoa da; Juan Barrerok zuzendu du, La jungla interior filmaren egileak (2013). Juanma Bajo Ulloa (Vitoria-Gasteiz, 1967) zinemagileak, zeinak Urrezko Maskorra lortu baitzuen bere lehen filmarekin (Alas de mariposa), rock and rollari buruzko gogoeta entziklopedikoa egiten du Rocknrollers filman, Azkena Rock jaialdia harturik abiaburu.
Maider Oleagak (Bilbo, 1976), Amaren ideia filmaren egile eta Ikusmira Berriak programaren lehen edizioko parte hartzaile izandakoak, ETBk José Antonio Aguirre lehendakariari buruz sustatutako proiektuaren bost piezetako bat zuzendu du. Berlinek, 1941ean Agirreren ezkutaleku izandako hiriak, bere kaleetatik nora ezean ibiliko diren bost pertsona hartuko ditu Iragan Gunea Berlin filmean. Bestalde, El fin de ETA, talde horren indarkeria amaierara eraman zuen prozesuari buruzko dokumentala, Justin Websterrek kontatuko digu, The Independent hedabideko kazetari ohi eta Gabo, Seré asesinado eta Barça Confidencial dokumentalen egileak.
Hiru hasiberrik osatuko dute sail barruko lehiaketa. Aitor Aspek bere lehen film luze dokumentala dakar, Last Smile eta Mi lucha film laburrak egin ondoren: Baskavigin. La matanza de los balleneros vascos (Baskavígin. Euskal baleazaleen hilketa) filmarekin, 1615eko ekainera eramango gaitu, Islandiako historiako gertakari bortitz bat birsortu, eta haren biktima izandako 86 euskal balea-arrantzaleak gogora ekartzeko.
Kopenhagen bizi den Juan Palacios eibartar zinemagileak Pedaló lanarekin egingo du film luzeen esparruan debuta: bere hiru lagunek pedalontzi batean euskal kostaldean zehar egingo duten ibilbidea kontatuko digu, baita bidaia horretan zuzendaria bera murgilduko duen unibertso paraleloa ere. Era berean, GUtik ZUra Mari Jose Barriolaren lehen ikus entzunezko lana da. Zurean aditua, nekazaritzako ingeniari tekniko horrek antzinarotik gaurdainoko ibilbide batean eramango gaitu, material horren, basoaren eta gizakiaren arteko harremanaren bitartez.
Lehiaketaz kanpoko filmetan ere aniztasuna da nagusi: Acantiladok, Helena Tabernaren azken film luzeak, bi anai-arreben eta Kanarietako sekta baten historia kontatuko digu; Olatz Gonzáles Abrisqueta antropologoaren eta Jørgen Lethdaniar zinegile eta poetaren Pelota II dokumentalak pilotariaren eta haren lan-tresnaren arteko harremanean sakonduko du; eta Mara Mara Pirinioetan filmatutako elur-ekaitz bat da, David Aguilarrek ekarria, bere azken lana ere, Nao Yik (2011), Zinemiran aurkeztu ondoren. Oihalak adarretan filmean kanpoko gatazka eta hondamendien berri emango digu Juanmi Gutiérrezek, hamar milioi armeniarren gain jarrita begirada; Nola? filmean, Fermin Muguruza musikari eta dokumentalgileak (Check Point Rock: canciones desde Palestina) New Orleanseko egoeraren erretratua egiten du, Katrina gertatu zenetik hamar urte igaro ostean; eta Rusudan Glurijdzek (Tbilisi, Georgia, 1972) zuzenduta ko Skhvisi Sakhli / House of others filmakbi familiaren istorioa ekarriko digu hizpidera: Abjaziako gerraren ostean, garaituen etxe hutsak esleituko dizkiete. Georgia, Errusia eta Espainiaren arteko koprodukzio bat da.
Badugu, halaber, begirada gure iragan hurbileko aitzindarien gain jartzeko lekurik. Gaur irekiko ditu ateak filmak, Eriz Zapirainen (Gazta zati bat) proposamenak, Egunkaria sortzeko abenturen berri emango digu; 2003an, euskaraz idatzitako lehen egunkari hura itxi zuen Audientzia Nazionalak. Iratxe Fresneda EHUko Ikus Entzunezko Komunikazioko irakasleak, bestalde, Irrintziaren oihartzunak filma aurkeztuko digu. Lan horretan, Mirentxu Loyarte zinemagilearen lanean barrenduko da. Hark Irrintzi filma egin zuen 1978an, ariketa zinematografiko ausarta. Azkenik, Aguirre lehendakariari buruzko proiektuaren parte den Quinta Planta filmean, 60ko hamarkadan New Yorkera joango den Jon gazte idealistaren erretratua egingo du Mikel Ruedak.