Euskal Zinema eta ETBren Galan, irailaren 26an (asteartea) Victoria Eugenia antzokian, Elkarrekin-Together filma proiektatuko eta Zinemira saria emango da. Aurten, Julia Juaniz muntatzaileak jasoko du saria.
Donostia Zinemaldiak eta EPE eta IBAIA ekoizle-elkarteek ematen dute ohorezko sari hori, euskal zinemagintzaren alorreko pertsona ospetsu baten ibilbidea aitortzeko. Aurreko urteetan Imanol Uribek (2009), Álex Angulok (2010), Elías Querejetak (2011), Michel Gaztambidek (2012), Juanba Berasategik (2013), Pedro Oleak (2014), Karmele Solerrek (2015) eta Ramón Bareak (2016) jaso dute. Aurten, Julia Juaniz muntatzailearen jarduna sarituko da.
Hamalau euskal ekoizpen izango dira 65. Donostia Zinemaldiko zortzi sail eta programetan. Horietatik zazpik Zinemaldian izango dute munduko estreinaldia eta Euskal Zinemaren Irizar saria lortzeko lehiatuko dute: Handia, Morir, Bi Txirula, Elkarrekin-Together, Non/No (Ez), Operación Concha eta Volar.
Zinemira sailak lehiaketako hiru film hartuko ditu berean. Eñaut Castagnet (Berria 10 urte, When I Was a Child) eta Ximun Fuchs, Le Petit Théâtre de Pain antzerki-konpainiaren sortzailea, fikzio zinematografikoaren alorrean estreinatuko dira Non filmarekin. Bertan, Frantziako herri txiki bateko komunitate baten borrokaren berri emango digute, enpresa batek itxi ondoren. Bi txirula, gogoetarako bidaia, Iñigo García lehen fikzio-film luzea da. Lanbidez arkitekto, zenbait film labur egin ditu aurretik, esaterako, Big Boy dokumentala eta Errusia. Eta Pura vida (2012) eta Walls (2015) filmen zuzendari eta ekoizleek, Pablo Iraburuk, Migueltxo Molinak (Iruña, 1978) eta Igor Otxoak (Donostia, 1978), Elkarrekin-Together zuzendu dute. Filmean, Estatu Batuetako ekialdeko kostaldean dagoen irla urrun bateraino joango dira euskal arkeologoen espedizio bati jarraikiz, euskal bale arrantzaleak eta bertakoak han elkartu eta lankidetzan aritu zirela baieztatuko duten frogen bila.
Saila, lehiaketaz kanpo parte hartuko duten bi filmekin osatuko da: Converso, David Arratibelen (Oírse) bigarren filma, eta Nur eta herensugearen tenplua, Juanba Berasategik (Pasaia, 1951-2017) zuzendutako azkenekoa. Arratibelek bere familiaren fede katolikorako konbertsioa ulertu nahi du filmaren bitartez, eta obra horrekin Publikoaren Saria jaso du Punto de Vista zinema-jaialdian, baita dokumental onenaren saria Malagako zinema-jaialdian ere. Berasategik, bestalde, Toti Martínez de Lezea arabar idazlearen pertsonaia literarioan oinarritutako animazio-filma zuzendu zuen.