DONOSTIAKO LAU HAIZETARA DOKUMENTALEN KOPRODUKZIO FOROAK BERE DATAK ALDATU DITU, ETA DEADLINE EPEMUGA ZABALDU DU

Donostiako Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzio Foroak iragartzen du hamazazpigarren edizioaren datak aldatu direla; 2021eko irailaren 20, 21 eta 22an egingo da, Donostiako 69. Zinemaldiaren esparruan. Horrez gain, proiektuen izen-emateko data ere aldatu da, eta datorren ekainaren 25ean amaituko da.

Espazio berriekin datak doitu beharraren ondorioz etorri da erabaki hori.

Foroaren oinarriek eta parte hartzeko betekizunek beren horretan jarraitzen dute hasiera batean ezarritako baldintzen arabera, eta www.lauhaizetara.eu webgunean kontsulta daitezke.

Gainera, Lau Haizetara Foroak bere lankidetza-akordioak zabaldu ditu, aliantza berri batekin. PIAF (Productores Independientes Audiovisuales Federados) federazioak, EGEDA (Entidad de Gestión de Derechos de los Productores Audiovisuales) erakundearen laguntzarekin, Foroa antolatzen duen IBAIA Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkartearekin adostu du, PIAF federazioko kide diren elkarteetako baten enpresek aurkeztutako proiektuen artean, Foroaren Hautaketa Batzordeak proiektu bat hautatuko duela, zenbait abantailaren onura jaso dezan aribidean dauden proiektu dokumentalak garatu eta finantzatzeko prozesuak bultzatzeko helburuarekin.

Zure proiektua aurkezteko asmotan bazabiltza eta oraindik egin ez baduzu, egizu lehenbailehen, azken unerako utzi beharrean.