Donostiako Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzio Foroaren XVII. edizioaren aurrerapena

Antolatzaileok lanean ari gara dagoeneko, 2021eko irailaren 21etik 23ra bitarte Donostian izango den hurrengo ediziora begira.

Proiektuak aurkezteko deialdia apirilean irekiko da, eta ohiko kanalen bitartez jakinaraziko da.

Joan den irailean Lau Haizetara Foroaren XVI. edizioa egin zen, eta, ziurgabetasuna gorabehera, nortasun propioa izanik dokumentalen generoari bete-betean lotuta dagoen ekimen horrek egoerara ongi moldatu eta ezarritako helburuak bete zituen, arrakastarekin bete ere.

Lehen aldiz online egin zen, eta testuinguru berrira egokitzeak ahalbidetu zuen, beste behin ere, topagune bat sortzea, eta horrek  parte-hartzaileen eskura lanerako eta azterketarako ahalik eta tokirik egokiena jartzeko aukera eman zuen, hautatutako proiektu bakoitzaren premiei arreta berezia eskainiz. Foroaren aurreko tailerren ostean, pitching saioak etorri ziren, eta bilera indibidualizatuak Commissioning Editors-en eta aurkeztutako proiektuetako ordezkarien artean, hori guztia lankidetza-akordioak zehazteko aukera aztertzeko eta aldez aurreko azterketei jarraipena eta sakontasuna emateko helburuarekin.

Foroa abian jarri zenez geroztik joan diren urte hauetan guztietan, asko izan dira foroaren bultzadari esker arrakasta eta ibilbide oparoa lortu duten dokumentalak. Berrienen artean, euskal parte-hartzea duten bi proiektu nabarmendu behar dira, Donostiako Zinemaldiko azken edizioan aurkeztu zirenak: batetik, “ARZAK, SINCE 1897”, Bainet Zinema ekoiztetxearen eskutik, eta, bestetik, “LOBSTER SOUP”, REC Grabaketa Estudioa, Suica Films eta Axfilmsse ekoiztetxeen koprodukzioa, eta lehen IBAIA saria ere lortu zuena (3.000 €). Honako hauek ere erantsi behar zaizkio zerrenda horri: “NO WOMEN NO REVOLUTION” (Doppelplusultra Film eta TV Produktion), “OCHO CUENTOS SOBRE LA HIPOACUSIA”, (Charo Mato – Eugenia Olascuaga – Valentina Baracco) eta “THE GOUROUGOU TRIAL”, Santi Palaciosen eta Simón Casalen eskutik. Azken hori  DocsBarcelona proiektuan parte hartzeko hautatu zuten geroago.

Foroaren XVI edizioetan, dokumentalen generoaren aldeko apustu sendoa egin dugu, industria horren barruan toki bat egiteko asmoarekin, eta, harrezkero, ikus-entzunezkoen sektoreko hainbat profesional Donostian bildu dira, IBAIAk (Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkartea), Donostiako Zinemaldiko Industria Departamentuaren eta hainbat euskal instituzio eta erakunderen laguntzarekin antolatutako ekitaldi honetan.

Kontsultatu informazio guztia gure webgunean (www.lauhaizetara.eu)