2018.urteaz geroztik indarrean dagoen aliantza honek proiektuen presentzia sustatuko du genero dokumentalean espezializatutako bi merkatu osagarrietan, eta, horrela, beren garapen- eta finantzaketa-prozesua osatzen ere lagunduko die aldi berean.
Testuinguru horretan, Donostiako Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzio Foroaren pitchingean aurkezten den proiektuetako bat eta DocsBarcelona zinemaldiko speed meetings elkarretaratzeetan parte hartzen duten beste proiektuetako bat dagozkion hautaketa-batzordeetako kideek automatikoki beste merkatuan parte hartzeko aukeratu ditzatela ahalbidetuko du urtero erakunde antolatzaileen, DocsBarcelona zinemaldiaren eta IBAIAren (Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkartea) arteko ahalegin bateratuak.
Aukeratutako proiektuek aurkezpen-jardunaldiaren aurreko prestaketa-tailerretan parte hartuko dute, eta DocsBarcelona zinemaldiaren eta Donostiako Zinemaldiaren industria departamentuaren akreditazio ofizial bat jasoko dute.
Horrela, maiatzaren 6tik 10era bitarte DocsBarcelona zinemaldiaren hurrengo edizioan Raul de la Fuentek eta Amaia Ramírezek elkarlanean egindako “ANIMAL” izenburuko proiektuak, Lau Haizetara Foroaren iazko edizioan hautatutakoak, baldintza horiek aprobetxatzeko aukera izango du. Bartzelonako speed meetings elkarretaratzeetara aurkezten diren proiektu guztien artean hautatuko da irailaren 25ean Donostiako Lau Haizetara Foroaren pitchingean egongo den proiektua, baldintza beretan.
Joan González Herrerok eta María Ángeles Fernández Pascalek (PLANETA MED SLUren administratzaile bakarra eta IBAIAko presidentea, hurrenez hurren) sinatutako testuan proiektu dokumentalak sustatu eta garatzeko lankidetza-esparru egoki bat izateko elkarlanean jarraitzeko asmoa ezartzen da.