Euskal zinemagintzak jasotako laguntza kopurua baino gehiagoko itzulera sortzen du

6484.jpgEuskal zinemagintzaren egoeraren argazkia jasotzen duen txostena aurkeztu du, gaur goizean, IBAIAk. Ikertaldek egindako azterketa euskal ekoizpen zinematografikoak Euskadin duen eragin sozioekonomikoaren erakusleiho da. Jose Portelak, IBAIAko lehendakariak, Iganacio Rotaechek, IBAIAko kudeatzaileak eta Iñigo Artechek, Ikertaldeko proiektu zuzendariak, parte hartu dute aurkezpenean.IMG_6484

EUSKAL EKOIZPEN ZINEMATOGRAFIKOAK DUEN ERAGIN GLOBALA EAE-N (2014)

Ekoizpen totala 61.906.923 euro
Balio erantsia 27.260.774 euro
Enplegua 765 enplegu
ICAA-ren eta Eusko Jaularitzaren laguntzak zinerako 3.893.739 euro
Administrazio Publikoaren itzulera zinemaren bidez 4.494.554 euro
Itzulera positiboa 600.815 euro

EUSKAL EKOIZPEN ZINEMATOGRAFIKOA (2010-2015)

Film luze kopurua 66
Estreinaldi kopurua urtean 11 film luze fikzioa/animazioa
Estatuko rankingean duen postua (2014) 4 (Espainiar estatu osoko kopuruaren %8)

IBAIAk, Ikus-Entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkarteak, euskal ekoizpen zinematografikoak Euskadin duen eragin sozioekonomikoaren erakusleiho den txostena argitaratu du, “Impacto socioeconómico del sector de  la  producción  cinematográfica  en  el  País  Vasco”.  Ikerketak,  gure lurraldean ikus-entzunezko sektoreak duen bizitza azaleratzen du. Azterketa Ikertaldek garatu du, estatistika, bilakaera eta aholkularitza arloan hogeita hamar urte baino gehiagoko esperientzia duen aholkulari taldeak.

Ikerketa garatu ahal izateko IBAIAko bazkide diren ekoizleekin egin da lan, – sakoneko elkarrizketen bidez –   eta 70 euskal ekoiztetxe baino gehiagoren indikadore ekonomikoak aztertu dira.

Sektorearen argazkia

Txostenak euskal ekoizpen zinematografikoak duen egoera irudikatzen du, 2010 eta 2015 urte arteko epealdian. “Euskal enpresen ekoizpen zinematografikoaren jarduerak enpresa sare sendoa du eta, egun, kalitatean eta kantitatean bilakaera izaten ari da. Sektorearen erdigunea osatzen duten 100  enpresa  baino  gehiagok  jarduera  ekonomikoaren sortzaile  dira.  Aldi berean, ekoizpen zinematografikoaren laguntzaile den sektorea tinko mantentzea ahalbidetzen du, zerbitzu espezifikoen hornitzaileei”, azaldu du Jose Portelak, IBAIAko lehendakariak. “Horrek guztiak, urtean, 60 milioi euro baino gehiagoko inpaktu globala suposatzen du, 27 milioi euro inguruko balio erantsia eta 800 pertsonentzako enplegua”, gehitu du.

Kalitatea eta kantitatea ardatz dituen hazkundea. “Urteetan zehar izandako etenik gabeko ekoizpenak, 11 film bataz beste (4 baino gehiago euskaraz), bederatzi fikzioa eta bi animazioa, produkzioen kalitatea nabarmen hobetzea ahalbidetu du. Hori horrela, lehiakortasun eta aitorpen handiagoa izatea lortu da”, nabarmendu du Portelak.

Euskal  ekoizpen zinematografikoaren maila azpimarratzekoa da  espainiar estatuan. 2010. urtetik 2015. urtera doan epealdian fikziozko eta animaziozko 66 film estreinatu dira, orotara, espainiar estatu osoko ekoiztetxeen jardueraren %8. Euskadi rankingean 4. postuan finkatzen da. Bere gainetik Madril, Katalunia edota Andaluzia kokatzen dira soilik, populatuagoak diren Autonomia Erkidegoak. Halaber, Goya Sarien atarian nabarmentzekoa da euskal zinemagintzak lortu dituen izendapen kopurua, zazpi orotara, orain arteko errekorra.

Baina  euskal  zinemagintza  loraldian  bada  ere,  erakunde  publikoetatik jasotzen duen laguntzak eztabaida sortzen du, izan ere, ekoizpen zinematografikoaren jardueran aritzen diren euskal enpresak itzulera handiagoa sortzen dute Administrazio Publikoan, Zinematografiaren eta Ikus- entzunezko Arteen Institutuak (ICAA) eta Eusko Jaularitzak bideratutako laguntza  kopuruarekin  alderatuz  gero.  “Orotara,  sektoreak,  2014. urtean 3.893.739 euro jaso ditu laguntzetzan.   Halaber, 4.494.554 euroko diru sarrerak sortu ditu zergatan. Itzulera positiboa da. Datu horiek sektorea baliabideak egoki kudeatzeko gai dela egiaztatzen dute”, argitu du.

Hala eta guztiz ere, euskal ekoizpen zinematografikoaren sektoreak bere lurraldean etekinak sortzen dituen enpresa sare bat du erdigune. “Azken bost urteetan egin diren film luzeen kostuen %60 euskal enpresekin eta/edo profesionalekin gauzatu  da.  Euskarazko animaziozko eta  fikziozko filmen kasuan, aldiz, ehuneko hori %90 inguruan kokatzen da”, zehaztu du.

Dena den, euskal enpresen iturri bilakatu diren finantziazio bide nagusien beherakada nabarmenak, datozen urteetan, arriskuan jar dezake sortu den enpresa eta profesional sare sendo honen mantentzea. “Sektorea arriskuan jartzea ekidingo duten neurriak hartzea beharrezkoa da. Horrek, gainera, euskal zinemagintzaren garapen handiago bat sortuko du. Beraz, eskatzen duguna da, Euskadiko Foru Aldundiek, ekoizpen zinematografikoen inbertsioan aplikagarri diren zerga-pizgarriak martxan jartzeko eta sendotzeko beharrezko neurriak hartzea. Sektoreak etorkizuna du; Goya Sarien atarian gaude eta, esaterako, Teresa eta Galtzagorri filmak izendapena jaso du, baita  euskal  aktoreak  eta  konpositoreak  ere;  Loreak  filmarekin  Oscar sarietara iritsi gara; nazioarteko aretoetan estreinatzen diren filmak ekoizten ditugu, eta abar. Horregatik guztiagatik, sektoreagan sinestea eta konfidantza izatea eskatzen dugu”, nabarmendu du.