Enpresek ETBrekin sinatutako kontratuak zalantzan jartzeak, laguntzen erregulazioan eman diren lege aldaketak eta Zinematografiaren eta Ikusentzunezko Arteen Institutuak (ICAA) hartutako azken neurriak, arriskuan jartzen du euskal zinema-produkzioaren sektorearen etorkizuna.
IBAIA 1997an sortu zen Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkartea da. Egun 36 enpresa bazkide ditu, sektorearen %80 inguru, euskal ikus-entzunezko sektorearen esparru ezberdinetan lanean.
IBAIAren helburua ikus-entzunezko ekoizpenaren interesak babestea, defendatzea eta sustatzea da. Halaber, sektoreko profesional eta enpresen interesak ordezkatu eta aldeztea, edozein pertsona, organismo, erakunde, publiko zein pribatu, baina batez ere estatu, autonomia, probintzia, tokiko eta instituzio mailako Administrazio Publikoaren aurrean.
Kultura Ministerioak sortutako arrisku egoeraren aurrean, IBAIAk Eusko Jaurlaritzaren babesa eskatu du, izan ere, egoera larria aurreikusten da. Batetik, sortu den ziurtasun eza dela eta; bestetik, gure enpresak laguntzetara sarbidea izan dezaten ezarri diren baldintza berriak direla eta, batez ere euskarazko filmen produkzio arloan; zeinak egoera zaildu besterik egin ez duen.
Azken urteetan euskal enpresak ETBrekin sinatutako kontratuak direla eta, ICAAk Euskal Telebistaren aholkularitzak filmetan izango zuen parte hartzearen inguruan idatziz egindako aitorpenari baliozkotasuna ukatu dio, kontratuei legitimitatea ukatuz eta modu arbitrarioan eta arautu gabean interpretatuta. Kalte ekonomikoak ICAAtik eratortzen diren sarreren %25 eta %45 artean murriztu du, hau da, 300.000 euro gutxiago euskarazko filmak egiteko eta, gainera, inbertsioak egin dira jada pelikula batzuen produkzio fasean.
Egoera hau dela eta, euskal ikus-entzunezko sektoreko enpresa asko egoera larrian daude eta ziurgabetasun egoerak etorkizuneko proiektu asko geldiarazi ditu, izan ere, enpresek ezin dituzte kuantifikatu ICAAk hornitutako laguntzak.
Azken urteetan ICAAk hartu dituen neurriak eta zinemaren sektorean laguntzen arloan izan diren aldaketak, bistan uzten du gure sektoreak duen jazarpen sentsazioa.
- Hizkuntza koofizial batean filmak eta ikus-entzunezkoak sustatzen dituen Funts Autonomikoaren ezabatzea, 55/2007 Legea, zeinak Zinematografiaren Funts Nazionalaren %12aren hornidura suposatzen zuen, ICAAren aurrekontuaren barnean, 2009an, 2010ean eta 2011n. Proportzio hori Funts Autonomikoaren 2016ko aurrekontuari aplikatuz gero, 7.200.000 euroko diru-hornidura izan beharko luke.
- Obra “zailen” laguntza publikoen %60aren murrizketa, zeinetan euskarazko filmak aurkitzen diren, izan ere, Europako araudiak ez dio mugarik ezartzen mota horretako lanei, merkatuan sartzeko zailtasunak dituzten obrei; IBAIAk, Eusko Jaularitzak eta sektorea estatu mailan ordezkatzen duen FAPAE erakundeak, egindako eskaeraren aurrean.
- Zinema produkzioan laguntzak jasotzeko balorazio baldintza (bilketa, hizkuntza…) berak, euskaraz zein beste hizkuntzetan filmatu diren filmen artean.
Hartu diren neurri horiek oztopo gaindiezina izan daiteke film hauen finantziaziorakoeta, gainera, estatu mailako araudian ezarritakoaren aurka doa, aniztasun kulturala eta lurralde bakoitzeko hizkuntzen arteko aukera berdintasunaren alde egiten baitu.
Hori dela eta, euskal zinema produkzioaren sektorearen paralisi eta deuseztatzea saihesteko, beharrezkoa ikusten da, batetik, sortu den gatazkaren ebazpena, ETBrekin sinatutako kontratuak legitimatuz eta irizpideak mantenduz ICAAren eskutik; bestetik, beharrezko neurriak hartzea euskarazko ikus-entzunezko lanak sortzen laguntzeko.