FAPAE: “LEGEAK KONTSUMO DIGITALEKO EREDU ETA MODU BERRIETARA EGOKITU BEHAR DIRA”

FAPAEko presidenteorde eta IBAIAko presidente Joxé Portelak Espainiako industriaren datuak aztertu ditu. Aurten izan dute Espainiako filmek parte-hartzerik handiena Donostiako Zinemaldian eta hori Espainiako zinema bizitzen ari den une sortzailearen isla da; zineetako diru-bilketa orokorra ere % 4 igo da aurten.

  • Espainiako zinearen bilketa-kuota aurreko urteetan garai honetan lortutakoaren antzekoa da eta oraindik estreinatzeke dauden filmekin aurten ere % 20tik gorako kuota bikaina lortzea espero da.k
  • Ramon Colomek honako hau adierazi du: “Eredu berri baterako eskema jadanik adostu dugu Administrazioarekin, baina zenbait alderdiren inguruan lanean jarraitzen dugu. Besteak beste, ezinbestekoa da Zinearen Legeak izaera orokorra izatea eta Amortizaziorako Laguntzei soilik ez eragitea”

                                                                                                                                                                                                                                        2015eko irailaren 20a

“Legeak kontsumo digitaleko eredu eta modu berrietara egokitu behar dira”. FAPAE Espainiako ikus-entzunezkoen ekoizleen federazioko presidente Ramon Colomek Donostiako Zinemaldiaren 63. edizioaren esparruan egin ditu adierazpen horiek. Ekoizleen presidenteak Zinemaldiko zuzendari José Luis Rebordinos zoriondu du “aurten izan dutelako Espainiako filmek parte-hartzerik handiena Donostiako Zinemaldian”.

Ramon Colomek honako hau adierazi du: “Eredu berri baterako eskema jadanik adostu dugu Administrazioarekin, baina pare bat funtsezko alderdiren inguruan lanean jarraitzen dugu”. “Batez ere, ezinbestekoa da Zinearen Legeak izaera orokorra izatea eta Amortizaziorako Laguntzei soilik ez eragitea”. Ildo horretan, ekoizleen presidenteak edukiak ikusteko modu berriei buruzko azterketa egin du, “Legeak kontsumo digitaleko eredu eta modu berrietara egokitu behar dira, eta azken horien gakoak neurri batean merkatu digital bakarraren arrazoibidean oinarritzen dira”.

Gainera, ekoizleen presidenteak Gobernuari eta alderdi politiko desberdinei (epeak direla-eta egungo Gobernuak gauzatu ezin badu) eskatu die “laguntzetarako eredu berria martxan jartzea; izan ere, industriaren eta Administrazioaren artean lan handia egin da akordio bat lortzeko eta hain zuzen ere Zinemaldian bertan eman dugu 3 urtetik gorako negoziazioak izan ondoren lortutako akordioaren berri”. Gaineratu duenez, “hori da Administrazioarekin dauzkagun arazoetako bat, gai desberdinak martxan jartzeko edo aplikatzeko epeak”.

Ikus-entzunezkoen ekoizleen presidentea FIAPF Ekoizle Zinematografikoen Elkarteen Nazioarteko Federazioaren ordezkari Benoît Ginisty-rekin batera agertu da; azken horrek Europako ikus-entzunezkoen egoeraren eta daukaten problematikaren (nagusiki merkatu digital bakarra) azterketa egin du.

Colomek, bestalde, honako hau azpimarratu du: “Espainiak ez du ahaztu behar Europako politikek eraikitzen ari garen eredu berriarekin bat etorri behar dutela”.
Gainera, gaurko prentsaurrekoan FAPAEko presidenteorde eta IBAIAko presidente Joxé Portelak Espainiako industriaren datuak aztertu ditu. Espainiako zinearen bilketa-kuota aurreko urteetan garai honetan lortutakoaren antzekoa da, % 12 ingurukoa, baina Portelak adierazi duenez “espero dugu oraindik estreinatzeke dauden filmekin aurten ere % 20tik gorako kuota bikaina lortzea”. “Gainera, nabarmentzekoa da Espainiako zinea irailean bilketa bikaina lortzen ari dela; izan ere, aste honetan % 40 lortu da eta aurreko astean % 50”. Era berean, filmaketen aurrekontuak oraindik ere txikiak direla azpimarratu du, milioi eurotik beherakoak izanik aurrekontuen % 52.