Munduko estreinaldia Zinemaldian izango duten hamabost film luze lehiatuko dira Irizar saria lortzeko
‘Mudar la piel’ izango da Zinemira sailaren hasierako filma, eta ‘Black is Beltza’ klausurakoa
Euskal Zinemaren Galan, Ramón Agirrek Zinemira saria jasoko du eta ‘Jainkoak ez dit barkatzen’ proiektatuko da
Donostia Zinemaldiaren 66. edizioak inoiz baino euskal ekoizpen gehiago hartuko ditu barnean: guztira hogei film, Sail Ofizialean, New Directors, Zabaltegi-Tabakalera, Perlak, Culinary Zinema eta Zinemira sailetan, eta Euskal Zinemaren eta EiTB galetan banaturik.
Zinemirak, berariaz euskal zinemari eskainitako sailak, hamabi ekoizpen hartuko ditu, fikziokoak nahiz ez-fikziokoak, animaziokoak eta hala zuzendari berrien nola ibilbide luzeko zinemagileen filmak.
Sailari Ana Schulz eta Cristobal Fernández zuzendarien Mudar la piel filmak emango dio hasiera. Locarnoko sail ofizialean estreinatu zen, lehiaketaz kanpo. Juan Gútierrezen eta Roberto Flórezen arteko laguntasuna aztertuko du. Lehenengoa Espainiako gobernuaren eta ETAren arteko bitartekaria izan zen; bigarrena, aldiz, traizioagatik zigortutako CNIko agente ohia da.
Eta klausurako filma Black is Beltza izango da, Fermin Muguruza (Irun, 1963) musikari, zuzendari eta ekoizleak zuzendutako filma. Black is Beltza eleberri grafikoa bizidun bihurtuko da pantaila handian Muguruzak zuzendutako animazio-filmaren bitartez. Aurrez, Checkpoint Rock: Canciones desde Palestina (Zinemira, 2009), Next Music Station (Zinemira, 2011), Zuloak (Zabaltegi, 2012) eta Nola? (Zinemira, 2016) aurkeztu ditu irundarrak Zinemaldian. Black is Beltza filmari Unax Ugaldek, Emma Suárezek, Sergi Lópezek, Maria de Medeirosek, Óscar Jaenadak, Ramón Bareak, Ramón Agirrek, Jorge Perugorríak eta Rossy De Palmak jarri diote ahotsa, besteak beste.
Bataren eta bestearen artean, Zinemaldian estreinatutako beste hamar ekoizpen ikusi ahal izango dituzte ikusleek, kazetariek eta industria zinematografikoaren profesionalek. Horien artean dago La noche nos lleva, David González Rudiezen (Bilbo, 1980) hirugarren filma, bere film laburrekin Kimuak programan bost aldiz parte hartu eta gero. La noche nos lleva Carlos Algabak hezurmamitutako saskibaloi-jokalari profesional ohiari buruzkoa da.
Joaquín Calderónek (Iruña, 1968) Publikoaren Saria irabazi zuen Madrilgo Documenta zinema-jaialdian Sáhara no se vende opera primarekin. Bi hamarkadaz aktore ibilia, Calderónek Agus Barandiaran musikariaren familia-baserriaren galera hartu du abiaburu Basque Selfie filmean.
Bere lehenengo film luzea, La noche del ratón, nazioarteko jaialdietan aurkeztu eta gero, David Rodríguez Losadak (Donostia, 1981) bere jaioterrian estreinatuko du bere bigarren film luzea, Lady Off. Lan horretan Madrilgo antzerki-konpainia baten entseguetan sartuko da Ricardo III antzezlanaren eszena bat lantzen ari direnean.
Juanmi Gutiérrezek (Errenteria, 1945) hamarretik gora ez-fikzioko film luze egin ditu eta Zinemaldian aurkeztu dira gehienak. Oraingoan, Baúles filmean, Leóngo mendietako herrixka batean bizi den gizon baten istorioa kontatuko digu; izan ere, familiari ezer esan gabe Mexikora joango da gizona.
Margolaria / The Painter Oier Aranzabal (Bilbo, 1988) kazetari eta musikariaren lehenengo film luzea da. Sorkuntza-prozesuaren gakoei helduko die, Mikel Urdangarin abeslariak Alain Urrutiaren margolan bat bilatzeko egingo duen bidaiaren bitartez.
Film luzeen alorrean debuta egin du Txuspo Pyo (Altsasu, 1963) artistak ere, Izaro filmean Bermeo eta Mundaka arteko irlaren identitatea, historia eta legatua azterturik.
Antonio Díaz Huerta, El internado eta Luna, el misterio de Calenda telesailen zuzendaria, estreinakoz aritu da zuzendaritza zinematografikoan Gallo filmean. Lau Haizetara Dokumentalen XII. Koprodukzio Foroan aukeratutako proiektuetako bat izan zen filma, eta surflari bat da protagonista. Bere beldurrak gainditzeko, gogora ekarri beharko du itsutu egin zuen istripua.
Gure oroitzapenak talde-filmean, Joseba Sarrionandiaren alde anitzeko unibertsoa erretratatuko dute hamabi zinemagilek: Oskar Alegría, Özcan Alper, Asier Altuna, Mireia Gabilondo, Eugène Green, Itziar Leemans, Ane Muñoz, Maider Oleaga, Carlos Machado eta Maialen Sarasua zuzendariek, eta aurten Zinemaldian bi filmekin parte harturik, baita Josu Martinezek eta Fermin Muguruzak ere.
Azkenik, beste bi film hauek osatuko dute sailaren aukera: batetik, Paul Urkijoren (Gasteiz, 1984) debuta, Errementari, Sitgesen estreinatu eta Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean Publikoaren Saria eskuratu zuen filma; bestetik, Bajo la piel del lobo, Samuel Fuentes (Noreña, Asturias, 1972) gidoilari eta zuzendariaren lehenengo fikzio-film luzea. Besteak beste, El secreto de Marrowbone (Sail Ofiziala, 2017) eta Vicky Cristina Barcelona (Zabaltegi-Perlas, 2008) filmen zuzendaritza- eta ekoizpen-taldeetan aritua da Fuentes. Bajo la piel del lobo Sevillako Europako Zinema Jaialdian estreinatu zen, eta Mario Casasek hezurmamitutako tranpa-jartzaile bat du protagonista; harekin batera, Irene Escolar eta Ruth Diaz antzezleak aritu dira filmean.
Euskal Zinemaren Galan, irailaren 25ean Victoria Eugenia antzokian, Josu Martinezen (Bilbo, 1986) Jainkoak ez dit barkatzen / God Doesn’t Forgive Me estreinatuko da. Filmak Lezo Urreiztietaren istorioa kontatuko digu: XVI. mendeko pirata bat, okerrez 1907an jaioa. EiTB Galan, hilaren 26an leku berean, Víctor Cabacoren Vitoria, 3 de marzo proiektatuko da. Bere lehenengo film luzean, 1976an poliziaren tiroek bost langile hil zituztenean euskal hiriburua astindu zuten gertakariak islatu ditu.
Loreak (2014), Amama (2015) eta Handia (2017) filmen ostean, aurten ere euskaraz filmatutako ekoizpen bat izango dugu Sail Ofizialean. Ekoizpen berezien atalean Telmo Esnalen azken lana dago, Dantza, Glocal in Progress Industria Sariaren irabazlea hizkuntza ez-hegemonikoetan egindako Europako ekoizpenetarako industria-jardueraren lehenengo edizioan. Esnalek (Zarautz, 1966) lehenengoz parte hartuko du Sail Ofizialean. Aurrez bi film ekarri ditu: Aupa Etxebeste! (2005), Asier Altunarekin batera zuzendua, Zuzendari Berriak sailerako aukeran sartu eta Gazteriaren Saria irabazi zuena, eta Urte berri on, amona! (2009).
Koldo Almandozek (Donostia, 1973) 1997ko Zinemaldian aurkeztu zuen bere lehenengo film laburra, Razielen itzulera, Zabaltegi sailean, eta bi hamarkadaren ostean sail horretan aurkeztu zuen bere lehenengo film luzea, Sipo Phantasma, Rotterdameko zinema-jaialdian estreinatu eta gero. Oreina, haren bigarren film luzea, aldiriko industrialdean dago girotuta eta Kutxabank-New Directorssaria lortzeko lehiatuko da.
Maddi Barber ere (Iruña, 1988) saiatuko da Zabaltegi-Tabakalera saria lortzen Itoizko urtegiaren eraikuntzaren ondorioetan oinarritutako 592 metroz goiti film laburrarekin. Kimuak film laburren aurtengo aukeran hautatutako lanetako bat da.
Donostia / San Sebastián Hiria Publikoaren Sariko lehiakideen artean ere euskal ekoizpen bat izango dugu: Un día más con vida / Another Day of Life, Raúl de la Fuentek (Iruña, 1974) eta Damian Nenowek (Bydgoszcz, Polonia, 1983) zuzendua eta Canneseko zinema-jaialdiko sail ofizialean lehiaketaz kanpo aurkeztua. Ryszard Kapu?ci?ski kazetariak Angolara egindako bidaia azaltzen du filmak.
Culinary Zineman euskal ekoizpeneko bi film aurkeztuko dira. Miguel Ángel Jiménezek –Khorosho (Todo bien, Zinemira 2010) eta Kafenio Kastello (Kimuak 2018) film laburren eta Ori (Zuzendari Berriak, 2009) eta Chaika (Zuzendari Berriak, 2012) film luzeen egilea– bi Michelin izarreko L’Escaleta familia-jatetxearen atzealdeko bizimodua jaso du Y en cada lenteja un Dios filmean. Eta Ander Iriarteren (Echevarriatik Etxeberriara) eta Aitor Bereziartuaren Bihar dok 13 filmean duela 50 urte euskal artearen eta musikaren ikuspegia berritu zuten Gaur eta Ez Dok Amairu mugimenduetako artelanetan inspiratuko dira Basque Culinary Centerreko zenbait ikasle.
Aipatutako film luze guztiak Euskal Zinemaren Irizar saria lortzeko lehiatuko dira, beste zinema-jaialdi batzuetan estreinatutakoak salbu (Mudar la piel, Un día más con vida, Bajo la piel del lobo eta Errementari). Epaimahai berezi batek emango dio saria Zinemaldian munduko estreinaldia izan duen euskal film luze onenari; 20.000 euro, filmaren ekoizle(ar)entzat.
Film horiez gain, euskal ekoizpeneko proiektu bat egongo da. Europa-Latinoamerika Foroan Ane & Peio, maitasun istorio bat piper artean aurkeztuko da, Un otoño sin Berlín filmaren zuzendari Lara Izagirrerena (Euskal Zinemaren Gala 2015 eta Irizar sariaren aipamen berezia Irene Escolarrentzat).