IBAIAK BERE ZUZENDARITZA-BATZORDEA BERRITU DU

IBAIAk joan den urriaren 16an egin zuen Ezohiko Batzar Nagusian, Zuzendaritza Batzordea berritu zen. Azken hilabeteetan egindako jardunen eta abian jarrita dauden proiektuen balantzea ere egin zen.

Elkartearen gobernu-organoa honako bederatzi enpresa hauen ordezkaritzek osatzen dute:

  • TXINTXUA FILMS – Marian Fernández (Presidentea)
  • DIBULITOON STUDIO – Ricardo Ramón
  • BALEUKO – Idurre Cajaraville
  • IRUSOIN – Xabier Berzosa
  • K 2000 – Sabin Uriarte
  • AREA AUDIOVISUAL – Aitor González de Langarica
  • KOWALSKI FILMS – Koldo Zuazua
  • LOTURA FILMS – Miren Berasategi
  • SR&SRA – Leire Apellaniz

Horrela, elkarteak ikus-entzunezkoen ekoizpenaren hainbat arlotako profesionalak gehitu ditu eta elkartearen helburuekin bat datorren ikuspegi berri bat eman zaio: Leire Apellanizek (Sr&Sra), Aritz Morenorekin batera, enpresa bat sortu zuen 2013an. Enpresa horrekin ospe handiko jaialdietan parte hartu zuten film luze arrakastatsu batzuk ekoitzi eta zuzendu zituen, hala nola El último verano, Mudar la piel, Las letras de Jordi eta Ventajas de viajar, en tren, besteak beste. Gaur egun, enpresa hori  Una Ballena film luzea egiten ari da. Film horren zuzendaria Pablo Hernando izango da eta protagonista Ingrid García Jonhson; era berean, Chema García Ibarraren lehen film luzea, Espíritu sagrado izenburua izango duena, filmatzen ari da. Aitor González de Langaricak (Area Audiovisual), bestalde, lantalde moldakorra du, ikus-entzunezkoen alorrak eskaintzen duen edozein esparrutan proiektuei aurre egiteko aukera ematen diona, enpresa pribaturako nahiz erakunde publikoetarako lanak eginez. Nabarmentzekoak dira eduki historikoko dokumentalak (En busca de la Ciudad Perdida edo La batalla de Vitoria). Gaur egun, La Ciudad Revolución enkarguzko dokumentalean gidoilari eta zuzendarikide lana, Northabout. Contra el cambio climático, Muerte en Amara eta Bromo, ‘el agente Gernika’ dokumental propioen ekoizpenarekin uztartzen ari da.

Marian Fernández elkartearen presidenteak, egungo Zuzendaritza Batzordearen eta IBAIAko langileen izenean, eskerrak eman nahi izan dizkie kargua uzten duten kideei enpresa elkartuen interesen defentsan emandako denborarengatik eta azken urteotan egindako lanarengatik, eta aipamen berezia egin nahi izan dio Joxe Portelari (Abra Prod), zeina hamabi urtez jarraian elkartearen buru izan den, Fernando Sa Casadori (Srec) Donostiako Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzio Foroari egindako ekarpenarengatik eta Iñaki Gómezi (IBAIAren lehen presidentea), zeinak Irusoineko lantaldetik aldendu arren, bere ekoizle-lanarekin jarraituko duen. Era berean, elkarteak sektorean egiten duen lanaren garrantzia nabarmendu du, eta bizi dugun garai zail honetan enpresen ahalegina, konpromisoa eta erantzukizuna azpimarratu ditu.

Sartu berriekin eta aurreko Batzordeak egindako lanari jarraikiz, elkartearen helburu hurbilekoenak jarriko dira eta gure sektoreak aurre egin behar dien erronka korapilatsuei aurre egiteko oinarriak ezarriko dira.