70 profesional baino gehiagok, ekoizpen-etxeak, aholkulariak, finantza-agenteak, abokatuak eta sektoreko erakundeak barne, parte hartu dute jardunaldi honetan, zeinaren helburua zinemarako laguntzen eredu berria eta foru-araudian produkzio zinematografikoetan egindako inbertsioengatiko zerga-kenkariei dagokienez aurreikusitako aldaketak ezagutzera ematea eta Euskadiko sistemara egokitzeko dauden premiak aztertzea izan den, era horretan, gure sistema optimizatu eta indartzeko, eta beharrezkoa den segurtasun juridikoa emateko.
Jardunaldia gaur bertan egin da Tabakaleran eta sektoreko profesional adituek hartu dute parte: Iñigo Garmendia, NORGESTION enpresako Aholkulari Fiskala; Mabel Klimt, FAPAEko Idazkari Nagusia; Puy Oria, AMAko Presidentea; Joxe Portela, IBAIAren Presidentea; Koldo Zuazua KOWALSKI FILMS ekoiztetxeko arduraduna; eta Bittori Zabala, Gipuzkoako Foru Aldundiko ZERGA POLITIKA ETA ARAU GARAPENEKO ZUZENDARI NAGUSIA.
Ekitaldian, aldaketa horiek guztiek euskal produkzio-enpresek proiektuak egiteko bete behar dituzten baldintzetan (proiektuetarako finantzaketa lortzeko aukera ematen duten lineak ahalik eta bermerik handienarekin eskuragarri eduki nahi izanez gero) duten eragina aztertu da, eta baita Sozietateen gaineko Zergaren Foru-araudiaren aldaketa berriak izan dezakeen eragina, inbertitzailearen aldetik aplikagarria den kenkariaren ehunekoaren gehikuntzari dagokionean. Argi geratu da ikus-entzunezkoen sektorea inbertsio pribatuaren erakargune bihurtzeko aukera dagoela.
Erakunde mailan, eremu fiskalean beharrezkoak diren neurri osagarriak bultzatu eta sustatzeko konpromisoa argi geratu da, inbertsio pribatua ikus-entzunezkoen euskal ekoizpenetara erakartzeko.