Horrela amaitu da apirilean IBAIA eta EPE-APV euskal produkzio-etxeen elkarteen fusioarekin hasitako prozesua, eta erabat osatuta geratu da eratu den Zuzendaritza Batzorde berria.
Gaur goizean bertan Donostian egindako bileran, elkarteko Zuzendaritza Batzordea osatzen duten 11 kideek aho batez aukeratu dute Iker Ganuza hurrengo bi urteetan EPE IBAIAko presidente-kargua betetzeko. Ibilbide luzea du produktoreak produkzio zinematografikoan eta Marian Fernández (Txintxua Films) ordeztu du karguan, hark hartu baitzuen jarduneko presidentzia fusioaren ondoren, eta IBAIAko presidente-kargua ere bete zuen 2018. urteaz geroztik etenik gabe. Koldo Zuazua (Kowalski Films) eta Leire Apellaniz-ek (Sr&Sra) beteko dituzte presidenteorde-karguak.
Izendapenaren ondoren, bere aurrekoek IBAIA eta EPE-APV elkarteetako presidente-karguan egindako lan handia eskertu du presidente berriak (Marian Fernández eta Carlos Juárez izan ziren, hurrenez hurren), eta elkarteari datozen urteetan euskal ikus-entzunezkoen interesak defendatzeko eta gidatzeko zabaltzen zaion aukera handia balioetsi du. Bazkide guztien arteko lankidetza eta konpromisoa ezinbestekoak izango dira sektoreko erronkei aurre egiteko eta ikus-entzunezkoen sektorea hazkunde ekonomikoaren, eta aberastasun eta dibertsitate kulturalen zabalkundearen iturri gisa sendotzeko.
Gaur egun, 67 dira jada EPE IBAIA elkarteari lotutako produkzio-etxeak, eta Euskadiko ikus-entzunezkoen produkzio-enpresa independente gehien-gehienak ordezkatzen dituzte.
Informazio gehiago: info@epe-ibaia.eus / 674181082