IBAIA Euskal Autonomia Erkidegoko Ikus-entzunezkoen Ekoizle Burujabeen Elkarteak, foroaren antolatzaile den aldetik, ondo ezagutzen du orain bizi dugun –eta ikus-entzunezkoen sektorearen berezko zati den– trantsizio ekologikoari lotutako beharrezko prozesua, eta, hori horrela, interesgarria iruditu zaio eraldaketa horretara iritsi arte ikus-entzunezkoaren arloko gure enpresek egin behar duten bidean aktiboki laguntzea.
Bilibin Circular ekonomia zirkularreko kontsultoretza-enpresa bat dugu, jasangarritasuna lortzeko enpresek daramaten eraldaketa-prozesuan inplikatua, eta ikus-entzuneko sektorearen esparruan “Basque Green Film” proiektuaren idazkaritza teknikoaz arduratzen ari dena, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak abiarazitako proiektu horretan, hain zuzen ere.
“IBAIA – Bilibin Circular” Saria Donostian irailaren 21ean Donostiako Zinemaldiaren barruan egingo den LAU HAIZETARA Foroan aurkeztutako proiektuetako bati emango zaio, eta ingurumen-aholkularitzako kontsultoretza bat gauzatzea izango da, online egindako zenbait lan-saioren bidez, eta horrela proiektuari errazagoa gertatuko zaio administrazioek abian jartzen dituzten laguntzak lortzeko administrazio horiek ezartzen ari diren beharrezko eskakizunak betetzea.
Foroko pitching onenaren “IBAIA” sariei –banaketaren eta zinemaldien arloko kontsultoretzako “Treeline Distribution” konpainiak irabazitakoari– gehitzen zaio sari hau, Docs Barcelona eta FIPADOC Biarritz zinemaldiekin proiektuak trukatzeko ezarritako lankidetza-proiektuez gain.