Aliantza horri esker, aurten eta lehen aldiz, NOKA Mentoring euskal emakumezko zinegileei zuzendutako mentoria-programan hautatutako proiektu dokumentaletako bat Lau Haizetara Foroko pitchingean aurkeztuko da, irailean Donostiako Zinemaldiaren barruan izango den ekitaldian, euskal emakumezko zinegileen ikusgarritasuna bultzatuz.
Mentoringeko eta akonpainamendu pertsonalizatuko programak, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak garatutakoak, Euskadin jarduten duten zinegile (zuzendariak edo produktoreak) independenteak bultzatzea eta haiei laguntzea du helburutzat, film luze zinematografikoak garatu ditzaten. Harremana edizio honetan ezartzea da ideia, IBAIAK (ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkartea) antolatutako Dokumentalen Koprodukzio Foroa plataforma izan dadin parte-hartzaileen artean bilakaera kreatibo eta profesional bat eragiteko.
Tamara Lucariniren Pisua proiektuak foroaren barruan antolatuko diren jarduera profesionaletan parte hartuko du; hau da, aldez aurreko Tailerretan, Pitching saioan eta Commissioning Editors deitutakoekin egingo diren bilera indibidualizatuetan, eta horixe dugu merkatuaren industria-jarduera nagusia eta gune egokia proiektua finantzatzaile eta banatzaileei ezagutzera emateko.
Ekimen horrekin, bi erakundeek euskal industria zinematografikoari lagundu nahi diote, proiektu berriak garatzeko eta indartzeko mesedegarriak izango diren tresnak eskainiz.
Informazio gehiago nahi izanez gero, Lau Haizetara Foroaren webgunea kontsulta dezakezue, edo Zineuskadirena, non NOKA Mentoring ekimenari buruzko informazioa gordeta dagoen, eta webgune horietan aurki ditzakezuen harremanetarako bideak baliatuta ere lortu ahalko duzue informazio hori.