Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzio Foroa beste edizio bat prestatzen ari da bere irudia aldatuz

IBAIAk eta Donostiako Zinemaldiaren Industry Club ekimenak antolatutako Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzio Foroak bere logotipoa aldatu du. Lehen edizioa Donostian egingo da irailaren 20tik 22ra bitartean, eta irudi berria izango du.

LAU HAIZETARA firmaJuanba Berasategik diseinatu du, eta aldaketak jarduera bera osatzen duten alderdi bisual guztiak hartzen ditu barnean, baita foroaren helburuaren eta nortasunaren berrikuspena ere, orain hiru fasetan egituratuta baitago: Pitching-tailerrak, Pitching Jardunaldia eta Bilera Indibidualizatuak, horiek guztiak proiektuen gainean lan egitera bideratuak, haien ahalmen guztia ateratzeko tresna egokiak emango dituzten profesional adituekin.

Egileak berak dioenez, “Lau Haizetara logo bihurtu nahi denean, mundura zabaltzeko ideia datorkigu burura ezinbestean. Baina, nola marraztu daiteke airea? Kostaldekoak garenez, guretzat haizea eta itsasoa elkarrekin doaz, haizeak forma hartzen du itsasoarekin topo egiten duenean, haizea itsasoan marraztu egiten da. Haizea olatu bihurtzen da, eta olatua marrazki”.

Izenari eta tipografiari eutsi die, ez ordea koloreei: lehen baino xumeagoa da, halakorik esan badaiteke. Marra sinplea eta ordenatua da, letra eta forma urdin, laranja, zuri eta beltzekin, logoari nortasuna ematen dioten naturako lau elementuak (lurra, sua, airea eta ura) ezin hobeki irudikatzen dituztenak. Haien konbinazioak eta dimentsioak Lau Haizetara izenak duen esanahia azaltzeko gai dira.

Foroari buruzko informazio guztia epe laburrean gure webgunean (www.lauhaizetara.eu) eskura egongo da: datak, proiektuak inskribatzeko baldintzak, tailerrak, tutoreak, Commissioning Editoreak, eta abar.