IBAIAk eta Donostia Zinemaldiaren Industry Club ekimenak antolatutako Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzio Foroak, euskal instituzio eta erakunde ugariren lankidetzarekin, betiere ikus-entzunezko sektorearen garapena bultzatzea helburu dutela, Donostian Irailaren 20tik 22ra bitarte izango den bere hurrengo edizioaren xehetasunak aurreratu ditu.
Catherine Ulmer eta Ventura Durall izango dira irailaren 20an eta 21ean egingo den pitchingaren prestaketa-tailerren tutore arduradunak. Haiek izango dira produktore bakoitza banan-banan zuzendu eta harekin lan egiteko ardura izango dutenak, talde-lana ere sustatuz. Biek egin dute ibilbide luzea dokumentalaren alorrean: gidoiarekin hasi eta produkzioarekin buka, zuzendaritza-lanak ere tartean, estatuan zein nazioartean errekonozimendua lortu duten hainbat proiektutan lan egin dute Catherinek zein Venturak, eta hurbiletik ezagutzen dituzte gorabidean dagoen genero honen, dokumentalaren, xehetasunak.
Aurten berrikuntza bat izango da: tailerrak Donostiako erdigunean dagoen Tabakalera Kultura Garaikideko Nazioarteko Zentroan egingo ditugu, lanerako toki zabala eta baliabide guztiak –baliabide materialak eta giza baliabideak– eskaintzen baititu foroa baino lehenagoko prestakuntza-jarduera honetarako finkatutako helburuak betetzeko.
Horretaz gain, pitchingean parte hartuko duten Commissioning Editors-en mahaia eratzen ere ari gara; panel erakargarria osatuko dute aurkeztutako proiektuentzat.
Ez galdu aukera eta egin klik hemen, zure proiektua inskribatzeko. Uztailaren 15ean amaituko da epea.
Informazio gehiago eskuratzeko: www.lauhaizetara.eu