Gaur, urtarrilak 23, egin da IBAIAko Ohiko Batzar Orokorra. Gai-zerrendan aztertu beharrekoen artean, elkartearen zuzendaritza-batzorde berriaren berregituratzearen gaia zegoen.
Txintxua Films ekoizpen-etxeko Marian Fernandez Pascal (Iruñea, 1974) izango da aurrerantzean presidentea, Joxe Portelak (Abra Prod) karguari uko egin ondoren. Joxe 11 urte jarraian izan da elkarteko burua, eta zuzendaritza-batzordean jarraituko du aurrerantzean ere, presidenteorde gisa.
Txintxua Films etxeko fundatzaile eta 2008. urtetik aurrera bertako ekoizle izan da Marian, eta ibilbide luzea du zinemaren alorrean: estatuko eta nazioarteko errekonozimendua eta presentzia duten proiektuetan parte hartu du, eta hurbiletik ezagutzen ditu etengabeko bilakaeran dagoen ikus-entzunezko sektorearen barrenaldeak.
Horrenbestez, honela egitaratuta geratuko da batzordea: Marian Fernandez (Txintxua Films) presidente eta Joxe Portela (Abra Prod) presidenteorde. Batzordea osatuko duten gainerako kideak honako hauek dira: Ricardo Ramón González (Dibulitoon), Fernando Sa (Esrec Zinema), Iñaki Gomez (Irusoin), Sabin Uriarte (K 2000), Koldo Zuazua (Kowalski Films), Miren Berasategi (Lotura Films) eta Jose Luis Rubio (Rec Grabaketa Estudioa).
Kargu-aldaketarekin eta berriki IBAIA EIKENen (Sorkunkuntza Ekonomiaren Industrien Klusterra) bazkide arrunt gisa sartu izanarekin, eta betiere aurreko batzordeak egindako lanaren herentziaren ildotik, elkartearen helburu berehalakoenak finkatuko ditu egungo batzordeak eta ikus-entzunezko sektorearen barruan erronka berriei erantzuteko oinarriak ezarriko ditu.