Donostiako Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzio Foroaren XIX. edizioari hasiera emateko hilabete falta den honetan, urtetik urtera zinemagintza-industriaren barruan dokumentalaren generoan diharduten gero eta profesional gehiago biltzen dituen jada finkatutako ekitaldi honetan izango diren Commissioning Editor batzuen izenak aurreratuko ditugu.
ARTE FRANCE (Frantzia), 3BOXMEDIA INTERNATIONAL SALES (Alemania), FILMIN (Espainia), SUNDANCE INSTITUTE (USA), TG4 (Irlanda), RTVE (Espainia), POV & AMERICA REFRAMED – AMERICA DOCUMENTARY, INC (USA), PRECIOSA MEDIA (Kolonbia), YLE (Finlandia) edo AMCNETWORKS (Espainia) dira edizio honetako panela osatuko duten izenetako batzuk. Telebista eta plataformetako ordezkariek, salmenta-agenteek, eta Estatuko eta nazioarteko banaketa-etxe gailenek osatutako panela izango da beraz, guztiak ere, aurkeztutako dokumentalak nazioarteko merkatu berrietara zabaltzeko bidea errazten ahaleginduko direnak. Bertaratuko diren Commissioning Editoreen zerrenda osoa Foroaren webgunean kontsultatu ahalko da aurrerago: www.lauhaizetara.eu.
Donostiako LAU HAIZETARA Foroa presentziala izango bada ere, egun horietan Donostian egoterik izango ez duten baina jarduerarekiko eta aurkeztuko diren proiektuekiko interes handia erakutsi duten Commissioning Editor batzuen parte-hartzea ahalbidetuko du antolakuntzak, online parte hartu dezaten, iazko edizioan bezala.
2023ko irailaren 25etik 27ra izango da foroa, eta TABAKALERA-Kultura Garaikideko Nazioarteko Gunean egingo da aurtengoan ere. Proiektu bakoitzeko zuzendariak eta produktoreak 10 minutu izango dituzte beren proiektuko potentzialitate guztiak aurkezteko, eta paneleko kideei eta bertaratutako gainerako akreditatuei teaserra erakusteko. Programa osatzeko, 15 minutu inguruko bilera indibidualizatuak egingo dira Commissioning Editoreen eta aurkeztutako proiektuetako ordezkarien artean, kolaborazioko, koprodukzioko edo aurrerosketako akordioen bitartez finantzaketa errazteko helburuarekin.