Aste gutxi baino ez dira falta Donostiako Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzio Foroaren XVII. edizioari hasiera emateko, eta xehetasun batzuk aurreratzen ditugu urtetik urtera zinemagintza-industriaren barruan dokumentalaren generoan diharduten gero eta profesional gehiago biltzen dituen ekitaldi baten inguruan. AL JAZEERA (Qatar), CAT&Docs (Frantzia), Movistar+ (Espainia), SUNDANCE INSTITUTE (USA), SVT (Suedia), THE HISTORY CHANNEL IBERIA (Espainia), TVE (Espainia) edo CHICKEN & EGG PICTURES (USA) dira edizio honetako panelean parte hartuko duten izenetako batzuk.
Telebista eta plataformetako ordezkariek, salmenta-agenteek eta Estatuko eta nazioarteko banaketa-etxe gailenek osatutako panela izango da beraz, guztiak ere, aurkeztutako dokumentalak nazioarteko merkatu berrietara zabaltzeko bidea errazten ahaleginduko direnak. Bertaratuko diren Commissioning Editorsen zerrenda osoa laster kontsultatu ahalko da, webgune honetan: www.lauhaizetara.eu.
Osasun-krisi globala dela-eta, 2021eko irailaren 20tik 22ra bitarte izango den Donostiako Lau Haizetara Foroak formatua egoera berrira egokitu behar izan du ezinbestean, eta beraz, gehienbat presentziala izango bada ere, presentziala eta online formatua uztartuko ditu zenbait jardueratan. Hala, Commissioning Editorsen eskura jarritako parte hartzeko eredua, bakoitzaren premia partikularretara egokituko da.
Nabarmentzekoa da aurten pitching saioen (irailaren 22ko goizean) kokalekua aldatu egingo dela, eta saio horiek Donostiako San Telmo Museoan egingo direla. Proiektu bakoitzeko zuzendariak eta produktoreak 7 minutu izango dituzte beren proiektuko potentzialitate guztiak aurkezteko, eta paneleko kideei eta bertaratutako gainerako akreditatuei teaserra erakusteko. Programa osatzeko, 15 minutu inguruko bilera indibidualizatuak egingo dira Commissioning Editorsen eta aurkeztutako proiektuetako ordezkarien artean, kolaborazioko, koprodukzioko edo aurrerosketako akordioen bitartez finantzaketa errazteko helburuarekin.
Informazio gehiago nahi izanez gero: www.lauhaizetara.eu