Donostiako Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzio Foroaren XVIII. edizioari hasiera emateko astebete falta den honetan, urtetik urtera zinemagintza-industriaren barruan dokumentalaren generoan diharduten gero eta profesional gehiago biltzen dituen ekitaldi honetan izango diren Commissioning Editors batzuen izenak aurreratuko ditugu.
ARTE FRANCE (Frantzia), CAT&Docs (Frantzia), BBC FACTUAL – Arts and Music (UK), LIGHTDOX (Switzerland), POV & AMERICA REFRAMED – AMERICA DOCUMENTARY, INC (USA), RTVE (Espainia), TG4 (Ireland), WOMEN MAKE MOVIES (USA), CURRENT TIME TV (USA) edo RED BULL STUDIOS (Austria) dira edizio honetako panela osatuko duten izenetako batzuk. Telebista eta plataformetako ordezkariek, salmenta-agenteek, eta Estatuko eta nazioarteko banaketa-etxe gailenek osatutako panela izango da beraz, guztiak ere, aurkeztutako dokumentalak nazioarteko merkatu berrietara zabaltzeko bidea errazten ahaleginduko direnak. Bertaratuko diren Commissioning Editorsen zerrenda osoa Foroaren webgunean kontsultatu ahalko da: www.lauhaizetara.eu.
Donostian 2022ko irailaren 19tik 21era bitarte izango den LAU HAIZETARA Foroa presentziala izango bada ere, egun horietan Donostian egoterik izango ez duten baina jarduerarekiko eta aurkeztuko diren proiektuekiko interes handia erakutsi duten Commissioning Editors batzuen parte-hartzea ahalbidetuko du antolakuntzak, online parte hartu dezaten.
Nabarmentzekoa da aurten prestaketa-tailerrak zein pitching saioak (irailaren 21eko goizean) TABAKALERA Kultura Garaikideko Nazioarteko Gunean egingo direla. Proiektu bakoitzeko zuzendariak eta produktoreak 7 minutu izango dituzte beren proiektuko potentzialitate guztiak aurkezteko, eta paneleko kideei eta bertaratutako gainerako akreditatuei teaserra erakusteko. Programa osatzeko, 15 minutu inguruko bilera indibidualizatuak egingo dira Commissioning Editorsen eta aurkeztutako proiektuetako ordezkarien artean, kolaborazioko, koprodukzioko edo aurrerosketako akordioen bitartez finantzaketa errazteko helburuarekin.