Donostiako Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzioko Foroak eta Treeline Banatzaileak berritu dute 2013. urteaz geroztik indarrean duten akordioa, dokumentalaren industriaren alde egiten duten apustua bultzatzen eta indartzen jarraitzeko helburuarekin. Bederatzigarren urtez jarraian, banatzaileak banaketa eta jaialdien aholkularitzako saria emango du: proiektuari buruzko aholkuak emateko 2 saio, lehen kontsulta-saio bat dokumentala garatzeko fasean, eta bigarren saio bat dokumentala amaitu ondoren.
Ekimen horren helburua da, batetik, merkataritza-banaketaren alorrean jarraitu beharreko estrategiarik onena eskaintzea (banatzailea edo salmenta-agentea hautatzea, telebista, internet, aretoak, etab.), eta, bestetik, jaialdi egokienei buruzko gida bat proposatzea, dokumentalaren edukiaren eta estiloaren arabera. Elena Mera, Treeline Distribution ordezkatuz, pitching saioetara bertaratuko da, irailaren 22an, Donostiako San Telmo Museoan. Dokumentalak balioetsiko ditu kalitatearen, gaiaren eta tratamenduaren arabera, mundu osoko kanal guztietan saldu ote daitezkeen aintzat hartuta, eta horietarako estrategiarik onena identifikatzen ahaleginduko da.
TREELINE DISTRIBUTION ez-fikziozko programa eta dokumentalen nazioarteko salmenta-agentea da (TV, Theatrical, Home videoa, plataforma digitalak, etab.), eskaini beharreko tituluak kontu handiz hautatzen dituena, titulu bakoitzari behar duen arreta eskainiz, eta, nazioartekotzearekin lotutako irizpideak kontuan hartuz, sektorean urte askoan lanean emanez lortutako esperientzia baliatuz. Gainera, Treeline-n, edozein produkzio ustiatzeko aukeren esparrua zabaltzen duten plataforma guztietan jarduten dute, salmenta-plana eta sustapen indibidualizatu bat landuz.
2020an “The Dusk of the Amazon” (Peru) proiektuak eraman zuen sari hau, HdPerú eta Anakaa Films etxeek produzitua eta Álvaro Sarmientok zuzendua. Peruko Amazoniako hiru herritarren bizitzaren bidez, kolonialismoak eskualde horretan izan duen historia ikertzen du dokumentalak, eta kolokan jartzen du oraindik ere baliabideen ustiapen suntsikorra eta eskualdeko kulturen agonia mantsoa ezaugarritzat dituen egunerokotasuna. Hiru pertsonaia horien borroka eta bilaketen bitartez, iraganaren eta orainaren arteko paralelo bat marraztu nahi du filmak, eta kautxuaren garaiko indarkeria ez zela amaitu erakutsi, baizik eta aurpegi desberdinak hartzen joan dela. Kultura amazonikoen diskriminazioa, ibaien kutsadura eta baso-mozketa kautxuaren zikloaren mentalitate kolonialaren adierazpen modernoak dira. Mendebaldeak Amazoniari begiratzeko duen modua aldatzen ez den bitartean, indarkeria ez da amaituko.
Edizio honen irabazlea sari-banaketaren egunean jakingo da, 2021eko irailaren 22an, asteazkena, Kursaal Jauregian.
Informazio gehiago nahi izanez gero: www.lauhaizetara.eu