Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzio Foroak eta Treeline banaketa-etxeak indartu egingo dute beren lankidetza arrakastatsua, aurten ere. Bosgarren urtez jarraian emango dute banaketako eta festibaletako aholkularitzaren saria, proiektuaren inguruko 2 aholkularitza-saio, alegia. Lehen kontsulta-saioa dokumentalaren garapen-fasean egingo zaio irabazleari, eta bigarren saioa, berriz, dokumentala amaitu eta gero.
Ekimen honen helburua jarraitu beharreko banaketa-estrategia hoberena eskaintzea da (banatzaile edo salmenta-agentearen hautaketa, telebista, internet, aretoak, eta abar), eta horrez gain, dokumentalaren edukiaren eta estiloaren arabera festibal egokienak zein diren bilduko duen gida bat proposatzea. Elena Mera, Treeline Distribution ordezkatuz, irailaren 28an egingo diren pitching-saioetan izango da, Donostiako Kursaal Jauregian. Mundu osoko kateei saldu ahalko zaizkien kalitatezko, tematika interesgarriko eta tratamendu egokiko dokumentalak balioetsiko ditu, eta dokumental horientzako estrategia onena identifikatzen saiatuko da.
TREELINE DISTRIBUTION mundu osoan diharduen salmenta-agente independentea da, dokumentalen nazioarteko banaketan espezializatutakoa, eta hainbat bitarteko ditu (TB, Theatrical, Home video, plataforma digitalak, eta abar) eman beharreko tituluak ardura handiz hautatzeko, betiere sektorean lanean emandako urte luzeetan hartutako esperientziaren fruitu diren funtsezko nazioartekotze-irizpideak kontuan izanda.
2016an “Impulso” izenburuko proiektuari (Frantzia) eman zitzaion saria, Les Films De La Butte etxeak ekoitzitako lanari. Emilio Belmonteren zuzendaritzapean, Rocío Molina flamenko-dantzariaren historia eta hark dantza garaikidearekin egin zuen fusio-lana kontatzen digu dokumentalak. Filmak lanaren intimitatean erakusten digu dantzaria, Frantziaren eta Espainiaren artean beti, XXI. mendeko dantza flamenkoaren erronkari nola heltzen dion uler dezagun, eta bide batez artista global honen unibertsora hurbiltzeko aukera eskaintzen digu: haur prodijio izan zena dantzari ospetsu bihurtu da dagoeneko, bere gaztetasuna gorabehera. Hiru hilabetez, irailetik azarora bitarte, pieza berria sortzeko etapa guztiak erakusten dizkigu filmak, azaroan Parisen estreinatu arteko prozesu guztia. Filmaren ardatz nagusia izango da ibilbide hori.
Koprodukzio Foroaren XII. edizioa amaitzen denean jakinaraziko da nor den edizio honetako irabazlea, eta Donostiako Zinemaldiaren esparruan egingo da, 2017ko irailaren 26tik 28ra bitarte.
Informazio gehiago: www.lauhaizetara.eu